Páginas

Paper-zorroa

       Irakastea ikasten izeneko blog berri honen helburua, nire irakaskuntza prozesua zuekin partekatzea da. Izen hau jartzearen arrazoia zein izan den galdetuko diozue agian zuen buruari. Arrazoia argia da: etorkizun batean gure lana zein izango den oraindik argitzen ari garen arren, gure lan nagusia irakastea (irakaste hitzarekin ez naiz edukiez soilik ari, emozioak, sentimenduak, jarrerak, ohiturak, estrategiak…akaso ez dira irakatsi edo ikasi behar?) izango dela badakigu eta lau urte hauetan horretarako prestatzen edo ikasten arituko gara. Beraz, irakastea ikasten izena jartzea aproposa iruditu zait.


         Sarreratxo honekin, nire blog berri honetarako gonbitea luzatu nahi dizuet, on degizula ;)


         Hasi gaitezen beraz esandakoarekin...


        Kurtsoa aurrera doan heinean gradu honen helburuetariko bat hezkuntzaren inguruan hausnartzea eta guk geure hezkuntza eredua sortzea dela ohartzen ari naiz. Etengabe egiten dizkiot nire buruari hezkuntzari buruzko galderak, hala nola, hezkuntzak gizartean zer nolako garrantzia duen.


        Argi dago herrialde bateko hezkuntzak bere gizartea definitzen duela, aukera berdineko etorkizuna bermatuz. Hezkuntza, berdintasunezko gizarte moderno, kritiko, demokratiko eta tolerantea eraikitzeko elementu estrategikoa da. Era berean esan dezakegu aukera berdintasunak, herritarren eskubideek, modernizazioak eta aurrerapenak ezaugarritzen duten etorkizuna bermatzeko oinarria eta bidea dela.


           Honetaz gain, hezkuntza aldaketaren ardatza dela pentsatzen dut. Blogeko orrialde nagusian Eusko Jaurlaritzak idatzitako testu txiki bat atxiki dut eta testu horretan hori dio, hezkuntza aldaketaren ardatza dela. Hala ere, testu horretan jartzen duen guztiarekin ez nago erabat ados. Bertan, etorkizun arrakastatsua lortzeko, hezkuntza lan merkatura zuzendurikoa izan behar duela dio, eta hori horrela al da? Nire iritzi ez. Etorkizun arrakastatsua lortzeko hezkuntza lan merkatura zuzendurikoa izateaz gain, harremanetara, aisialdira, kulturara...zuzenduta egon behar duela uste dut. Honekin zerikusia eta arrazoia duen Berri txarren abesti bat etorri zait burura:


* Joseba Sarrionandia-ren "Sasoi makalak" poeman oinarritua.(Abestiaren letra)


     Aurrekoarekin jarraituz, argitu behar dut etorkizun arrakastatsua, etorkizun zoriontsua izatearekin lotzen dudala. Beraz, zoriontasuna lortzeko lana nahikoa ez dela pentsatzen dut, zoriontsua izateko, izan ere, beharrezkoak dira pertsonekiko harremanak, maitasuna, osasuna, aisialdia...


    Oso polita geratzen da etorkizun arrakastatsua lortzeko hezkuntza, lan merkatura zuzenduta egoteaz gain harremanetara, aisialdira, bizitza osasuntsura eta beste hainbat gauzetara zuzenduta egon behar duela esatea. Baina... ez al da oso zaila hori lortzea? Noski zaila dela baina ez ezinezkoa. Hezkuntzaren bitartez ahalik eta etorkizun arrakastatsuena lortzea da nire iritziz dekretua lantzearen helburua.


     Aste pare bat daramatzagu hain zuzen ere hura lantzen, aztertzen eta laguntza horrekin programazio bat osatzen. Jada egun batzuk pasa direnez ez zait dekretua hasieran bezain abstraktua egiten, nahiz eta oraindik ez naizen oso ondo moldatzen.


     Bestalde, aipatu behar dut, gradua hasi baino lehenago ez nukeela inolaz ere imajinatuko hezkuntza (eta kurtso batean gela batek egin beharrekoa) hain prestatua eta estrukturatua egongo zenik. Orain bai, orain ulertu dut irakasleen eguneroko praktika edo lanaren azpian teoria mordo eta landu bat dagoela eta oso garrantzitsua dela (hori baita kurtsoan zehar eguneroko jarduna "baldintzatzen" duena).


      Dekretuaren laguntzaz programazioa hala-nola bukatu ondoren, unitate didaktikoarekin hasi ginen atzo. Unitate didaktikoa hain den zehatza non beldur pixka bat ematen didan hasteak. Egia esan, etorkizun batean, irakasle izango garenean, unitate didaktikoa egiten jakitea oso garrantzitsua izango da, hori izango baita egunerokotasuneko jarduerak bermatuko dizkiguna. Beraz, orain ahalik eta hoberenen egiten saiatu behar dugu eta horretarako gogoak ezin zaizkigu falta. Eta are gehiago, besteak egiteko gai badira, gu zergatik ez?


       Jada bi aste daramazkigu unitate didaktikoarekin... eta hau lana! Poliki- poliki zentzua hartzen ari diodan arren, geratzen zaizkigun bi aste hauetan lan handia daukagu aurretik. Iruditzen zait denbora gutxiegi eskaini diogula unitate didaktikoari, atal desberdin asko ditu (edukiak, helburuak, konpetentziak, ebaluazio irizpideak...) eta denbora dezente behar da atal guzti horiek behar bezala landu eta barneratzeko. Bestalde, orain arte egin dugunarekin iruditu zait imajinazioa eta sormena oso garrantzitsuak direla unitate didaktikoa egiteko.


      Aurrera jarraitzen dugu pixkanaka unitate didaktikoarekin, nahiz eta aste honetan alde batera utzi beharko dugun. Izan ere, lan modularreko aurkezpena dugu eta denbora eskaini behar diogu, aurkezpen original eta entretenigarri bat egiteko. Nola lortuko dugu hori? Zer nahi dugu azaldu? Eta nola? Aurreko ebaluazioarekin alderatuz, ebaluazio honetako aurkezpena askoz interesgarriagoa dela iruditzen zait, ez dugu informazioa bakarrik landu behar, garrantzitsuena azaldu nahi duguna originaltasunez azaltzea da eta bestalde, "eztabaida- giro" bat sortzea. Orain arte, berriz, eskatu izan digutena aurkezpen sinple bat izan da, power point baten laguntzaz aurkeztutakoa... eta aurkezpen horretan askotan hitz egiten dugun kreatibitatea eta hausnarketa jarrera hori non lantzen dugu? Oraingoan bai, oraingoan nik uste dut irakasleek lortu dutela eta nahiz eta zaila egiten zaigun, beste modu bateko aurkezpenak nola egiten diren ikasiko dugu, besteenak behatuz eta gurea prestatuz.


    Aste honetan gauza gehienen bukaera izan da, alde batetik aurkezpenen bukaera, bestetik unitate didaktikoaren amaiera eta azkenik, klaseen bukaera. 


      Esan dudan bezala aurkezpenen astea bukatu da,  guztiak oso desberdinak izan dira eta egia esan guziek merezi izan dute, oso entretenigarri eta interesgarriak izan dira. Horrelako aurkezpen originalak egiteko aukera izanda, zertarako egin betiko aurkezpen tipiko eta aspergarriak? Askoz gehiago ikasten da horrelakoekin, bai aurkezpena egiten duenak eta bai entzuten duenak. Egiten duenak, originaltasun puntua bilatu behar du, eztabaida sortu... eta horrek guztiak gure irakaskuntza prozesua abersaten du. Eta bestalde, entzulegoak, hain aurkezpen entretenigarriak izanda, informazio asko bereganatu eta ideia berriak hartzen ditu, horiek guztiak ere irakaskuntza arlorako garrantzitsuak izanda. Blogeko orri nagusian, honekin lotura duen kreatibitateari buruzko bideo bat jarri dut.


      Hainbeste orduren ondoren, unitate didaktikoa bukatzeko garaia ere bazen (gogoak bagenituen behintzat). Nahiz eta bukaeran zentzu gehiago hartu diodan, ezin dut ukatu nahiko konplexua eta nahasia egin zaidala. Lehenengoa izanda normala dela suposatzen dut, horretarako gaude magisteritza ikasten! Hala ere, unitate didaktikoarekin ez dugu guztiz bukatu, izan ere, hurrengo astean  azterketa... Egingo dugun bigarrengoa izanda (irakasle izango garenean bi ez dira ezer izango) segurtasun handiagoarekin egingo dut, beldur gutxiagorekin. 


          Hainbeste bukaerekin... blogari ere bukaera eman beharko diot. Lehenengo kurtsoa bukatzeko azterketa bat soilik falta da eta oraindik gogoan dut klaseetan hasi ginenen lehenengo eguna, gogoan dut ere bloga egin behar genuela esan zigutenean sortu zitzaidan urduritasuna, ezjakintasuna... atzo izan zela ematen du. Bai, hasieran blogarekin nahiko galduta nengoen, ez nekien zer idatzi eta nola. Orain, berriz, bloga pixka bat bete ondoren, ez nago hain galduta eta gustura nabil metodo honekin. Izan ere, pentsatzera, hausnartzera eta nire sentimenduak adieraztera bultzatzen nau blogak eta aberasgarria iruditzen zait hori. Modu honetan, nire gogoetak eta bizipenak partekatu ditzaket eta bestalde, besteen gogoetak irakurri. Horregatik, eskertzekoa da bloga egitera bultzatu gaituztela, bultzada txiki hori beharrezkoa egin baitzait idazteari ekiteko. 


            Interesgarria izango litzake hurrengo kurtsoan ere blogarekin jarraitzea, lehenengo kurtsoko bizipenak hemen gorde ditugun bezala, gradu osokoak gorde ahal izateko. 


             Amaitzeko, hezkuntza eskubideari buruzko dokumental labur bat utziko dizuet. Dokumentala ikusi ondoren iruditzen zait pribilegiatuak garela eta nahiz eta horrek krisi egoeran egon eta hezkuntzan eragin kaltegarria izan, daukaguna ondo aprobetxatzen ikasi behar dugula, izan ere, beste batzuk ez daukate guk daukagunaren erdia ere ez...




               Beraz, espero dut blog honekin hausnartzera bultzatu izana, eta bestela, hurrengo kurtsoan beste aukera bat izango dut!


        

No hay comentarios:

Publicar un comentario