Páginas

2012/03/29

Ez gaude soilik krisi ekonomikoan


           Ez gaude soilik krisi ekonomikoan, zibilizazio krisia da bizi duguna, krisi sistematikoa; krisien krisia da hau. Azken hamarkadetako bizi eta garapen ereduaren (neoliberalismoaren) kontraesanak agerian utzi ditu krisiak eta horregatik esaten da zibilizazio krisian gaudela. 

                Hasteko, Euskal Herriko langileek, urteetan zehar beraien eskubideen alde emandako aurrera pausu guztiak ezerezean uzten ari da Rajoyren gobernua. Madrildik inposatutako erabaki hauekin etorkizunik gabe eta indefentsio nabarmenean uzten ditu herri honetako langileak. Gazteak eta emakumeak batez ere prekarietatera bultzatzen dira, pobrezia areagotuz. Era berean, zerbitzu publikoak, hau da, hezkuntza, osasuna eta gizarte zerbitzuak murriztu edo deuseztatzeko erabakia hartu dute. 

                Gainera, erreformaren eragileek ere aitortu dute ez dela baliagarria izango enplegua sortzeko, ezta lan merkatuan dauden arazoak ere konpontzeko. Orduan, zergatik egiten ote da erreforma hau? Eta...batez ere, zertarako balio du erreforma honek? Erreforma hauek ondorio batera eramaten gaituzte: enpresariei botere handiagoa ematea langileak kaleratzeko, soldatak jaisteko eta hitzarmen kolektiboen aginduak ez betetzeko.

                Berriz ere, egoeraren larritasuna adierazi behar dugu eta herri honetako langile eta baztertuen eskubideen alde borrokatu!

2012/03/23

Erreformen aurrean, hezkuntza sistema propioa

            Guztiok dakigun bezala Espainiako Estatuan abian da PPren eskutik beste hezkuntza erreforma bat. Aldaketa garrantzizkoenak bi izango dira, alde batetik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza 3 urtetara mugatzea eta, ondorioz, Batxilergoa hiru urtetara luzatzea. Eta bestetik, herritartasunerako Hezkuntza irakasgaia kentzea eta horren ordez konstituzioa landuko duen irakasgaia ezartzea. 


            Aldaketa horien helburua eskola porrota desagertzea, eskola uzte goiztiarra ekiditea, emaitza akademikoak hobetzea eta Herritartasunerako Hezkuntzak ikasleengan eragiten duen doktrinamendua galaraztea omen dira. 


            Ez dut ulertzen eskola porrotaren eta eskola uzte goiztiarraren aurrean zergatik luzatzen duten DBH. Zer lortu nahi dute horrekin? Izan ere hezkuntza porrotaren aurka egiteko metodologian aldaketak, talde txikiagoak, hezkuntza pertsonalizatuagoa eta beste hainbat gauza egin beharko lirateke. 

            Bestalde, lotsagarria da Madrildik, Euskal Herrian hezkuntza esparruan zer egin behar den agintzea. Zergatik ez digute Euskal Herriko hezkuntza kudeatzen uzten? Zergatik ez digute Euskal Curriculuma aurrera eramaten uzten? Euskal herritarrak garen heinean gure hezkuntza sistema propioa antolatzeko aukera izan beharko genuke (behar dugu). 



* Martxoaren 13an Euskal sistema propioa aldarrikatzeko Bilbon egindako manifestazioa.

2012/03/20

KONY 2012



Hitzak soberan daude bideoa ikusi ondoren. Hartu denbora eta ikusi, merezi du. 

2012/03/16

Genero-rolak, -etiketak VS. berdintasuna


           Bideoak hausnartzera bultzatu nau eta buruari buelta batzuk eman ondoren idazteari ekin diot…

          Laburmetraia ikusi ondoren, agerian geratzen da nahasmendu handia dagoela sexu, genero eta sexu orientazioaren artean. Mutil batek soinekoa janzte hutsarekin ikusi dugu zelako iskanbilak sortzen diren, haurra homosexuala dela eta mozorrotuta dagoela pentsatzeraino iritsiz. Baina… neska batek hori egingo balu, hori gertatuko al zen? Noski ezetz, ez genioke inolako garrantzirik emango.  Eta hori zergatik?

       Gaur egungo gizartean, zoritxarrez gizon eta emakumeon arteko berdintasuna ez dago inolaz ere bermatuta. Argi dago, genero rolak eta etiketak gizartean ikasten direla, sozializazio esparru desberdinetan (etxean, eskolan, kalean…). Egia da berdintasunerantz pausu handiak eman direla azken urteotan eta emakumeon presentzia areagotzen ari dela gizarteko hainbat esparrutan, nahiz eta profesio batzuk, jai batzuk (nire herriko kasuan tamalez), moda, kirolak… sexuatuak dauden.

         Beraz, esan dezakegu sexismoa oraindik presente dagoela. Hezkuntzan murgilduz, eta aurreko lauhilekoan soziologian aztertu genuena praktikan jarriz esan dezakegu hezkuntzan ere sexismoa  presente dagoela,  bai ageriko eta bai ezkutuko curriculumean.

          Ageriko curriculumean esate baterako emakumeak apenas agertzen dira testu liburuetan, hala nola, historian, ekonomian… Eta argi geratu dadila ez dela emakumeek historian parte hartu eta eraginik izan ez dutelako.

              Ezkutuko curriculumean adibide garbia irakasleen espektatibak dira: mutilak lehiakorrak, errebeldeak eta gutxi zaindutakoak (fisikoki) izatea espero da eta emakumeak berriz, ordenatuak eta bakezaleak eta zainduak.

      Hezkuntzak honen aurka lehenik eta behin gizartean ematen diren desberdintasunak erreproduzitzeari utzi beharko lioke eta jarraian galdera bat planteatu beharko luke: zein gizarte mota nahi dugu? Eta horretarako nola heziko ditugu haurrak? Zein eduki landuko ditugu?

             Bukatzeko esan ez nauela harritzen laburmetraian azaltzen diren umeen jarrerak. Izan ere, zer jarrera izango dute umeek, guraso eta irakasleek genero rol eta etiketak ezartzen badituzte? Has gaitezen helduok berdintasunaren kontzientzia barneratzen eta ondoren etorriko da umeena…

2012/03/04

Hezkuntza: aldaketaren ardatza

         Berdintasunezko hezkuntza, jarraia, norberaren neurrira, kalitatezkoa eta lan merkatura zuzendurikoa; hau da zure oraina etorkizun arrakastatsua bihurtzeko gakoa. 

         Berria irakurtzen ari nintzela, Eusko Jaurlaritzaren iragarki batean (eskola 2.0-rena) aurrekoa aurkitu dut. Interesgarria iruditu zait baina...zalantza bat sortu zait: hezkuntzak soilik lan merkatura zuzendurikoa izan behar du, edo gizarteko beste arlo desberdinetara zuzendurikoa ere?