Páginas

2012/05/12

Heltzen joan ahala, zer gertatzen da kreatibitatearekin?

           Egia da pertsona guztiok, txikitan, gure bizitzako lehen urteetan, kreatiboak izaten garela. Eta heltzen joan ahala zer gertatzen da? Kreatibitatea galtzen joaten gara, eta hori ezin dugu ukatu, begi bistakoa da gaur egun (krisiari irtenbidea emateko adibidez kreatibitate pixka batekin errazagoa izango zen agian). Sormen hori galtzearen arrazoia eskola, gurasoak eta nola ez gizartea bera direla uste dut, gu gara horren errudunak.

        Bestalde, zerbait originala edo kreatiboa egiteko, okertzeko prest egon behar dugu, arriskatzeko prest, eta ez da horrela. Helduak egiten garenean beldur hori handitzen doa. Okertzen banaiz, zer esango dute nitaz? (aurreiritziak). Haurrek, ordea,  ez dute okertzeko edo konfunditzeko beldurrik (edo ez heldutan bezainbeste behintzat eta hori da txikitan sormena izatearen arrazoietako bat.

        Gure esparruan arreta jarriz, esan dezakegu  hezkuntza munduan  kreatibitatea oso gutxi lantzen dela (ezer ez esateagatik) nahiz eta gaur egun, kreatibitatea, lehen esan bezala, alfabetizazioa bezain inportantea dela iruditzen zaidan. Eta nahiz eta leku desberdinetan egon hezkuntza sistema guztiak oso antzekoak dira: garrantzitsuena matematika, ondoren hizkuntza, gero humanitateak eta azkenik, nola ez, artea.

        Nire helburua haurrak beren osotasunean  heztea da, beren etorkizunari aurre egin ahal izateko. 


Hona hemen aurrean hitz egin dudanari buruzko bi bideo, interesgarriak dira. 

2012/05/10

Bizitza irakasten dugu, jauna


Rafeef Ziadah-k, palestinar jatorriko kanadiar inprobisatzaile eta aktibistak, Gazako gazteriari eskainitako olerki hunkiagirra. 



2012/04/20

Beste murrizketa bat murrizketari


                Hezkuntzaren beste arlo batzuetan ERE murrizketak egongo direla irakurri dut. Bai, orain arte izandako murrizketak ez dira nahikoak izan, ez dira gustura geratu eta horregatik, oraindik murrizketa gehiago jasan beharko ditu hezkuntzak.

                Espainiako gobernuak, geletan %20 ikasle gehiago pilatzearen alde egin du, eta irakasleei eskola ordu gehiago jartzearen alde ere bai. Hori gutxi bada, ordezkapenetan murrizketak iragarri ditu eta gaixoaldietan lehen hamar egunetan ez da ordezkorik izango, eskolako irakasleen artean moldatu beharko dute. Baina lasai, murrizketa hauek kalitatean eraginik izango ez dutela diote.

                 Nola da posible? Kalitatezko hezkuntza lortzeko irakaskuntza pertsonalizatua beharrezkoa dela irakurtzen dugu behin eta berriro, baina… nola lortuko dugu irakaskuntza pertsonalizatua gelak haurrez pilaturik eta irakasleak lanez gainezka badaude? Gaur egun ikasgeletan 25 ikaslek osatzen duten gehiegizko kopurua 35-40ra igotzeak ikasleenganako jarraipen eta atentzioa erabat mugatuko ditu. Ikaslea bera, norbanako bezala kontutan hartu baino, zenbaki huts bat izango da eta honekin batera, ikasle bakoitzaren erritmoa, interesak eta zailtasunak ez dira kontuan hartuko. 

            Beraz...zergatik ez dituzte hezkuntzak baino garrantzi gutxiago dituzten alderdietan murrizketak planteatzen?






2012/03/29

Ez gaude soilik krisi ekonomikoan


           Ez gaude soilik krisi ekonomikoan, zibilizazio krisia da bizi duguna, krisi sistematikoa; krisien krisia da hau. Azken hamarkadetako bizi eta garapen ereduaren (neoliberalismoaren) kontraesanak agerian utzi ditu krisiak eta horregatik esaten da zibilizazio krisian gaudela. 

                Hasteko, Euskal Herriko langileek, urteetan zehar beraien eskubideen alde emandako aurrera pausu guztiak ezerezean uzten ari da Rajoyren gobernua. Madrildik inposatutako erabaki hauekin etorkizunik gabe eta indefentsio nabarmenean uzten ditu herri honetako langileak. Gazteak eta emakumeak batez ere prekarietatera bultzatzen dira, pobrezia areagotuz. Era berean, zerbitzu publikoak, hau da, hezkuntza, osasuna eta gizarte zerbitzuak murriztu edo deuseztatzeko erabakia hartu dute. 

                Gainera, erreformaren eragileek ere aitortu dute ez dela baliagarria izango enplegua sortzeko, ezta lan merkatuan dauden arazoak ere konpontzeko. Orduan, zergatik egiten ote da erreforma hau? Eta...batez ere, zertarako balio du erreforma honek? Erreforma hauek ondorio batera eramaten gaituzte: enpresariei botere handiagoa ematea langileak kaleratzeko, soldatak jaisteko eta hitzarmen kolektiboen aginduak ez betetzeko.

                Berriz ere, egoeraren larritasuna adierazi behar dugu eta herri honetako langile eta baztertuen eskubideen alde borrokatu!

2012/03/23

Erreformen aurrean, hezkuntza sistema propioa

            Guztiok dakigun bezala Espainiako Estatuan abian da PPren eskutik beste hezkuntza erreforma bat. Aldaketa garrantzizkoenak bi izango dira, alde batetik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza 3 urtetara mugatzea eta, ondorioz, Batxilergoa hiru urtetara luzatzea. Eta bestetik, herritartasunerako Hezkuntza irakasgaia kentzea eta horren ordez konstituzioa landuko duen irakasgaia ezartzea. 


            Aldaketa horien helburua eskola porrota desagertzea, eskola uzte goiztiarra ekiditea, emaitza akademikoak hobetzea eta Herritartasunerako Hezkuntzak ikasleengan eragiten duen doktrinamendua galaraztea omen dira. 


            Ez dut ulertzen eskola porrotaren eta eskola uzte goiztiarraren aurrean zergatik luzatzen duten DBH. Zer lortu nahi dute horrekin? Izan ere hezkuntza porrotaren aurka egiteko metodologian aldaketak, talde txikiagoak, hezkuntza pertsonalizatuagoa eta beste hainbat gauza egin beharko lirateke. 

            Bestalde, lotsagarria da Madrildik, Euskal Herrian hezkuntza esparruan zer egin behar den agintzea. Zergatik ez digute Euskal Herriko hezkuntza kudeatzen uzten? Zergatik ez digute Euskal Curriculuma aurrera eramaten uzten? Euskal herritarrak garen heinean gure hezkuntza sistema propioa antolatzeko aukera izan beharko genuke (behar dugu). 



* Martxoaren 13an Euskal sistema propioa aldarrikatzeko Bilbon egindako manifestazioa.

2012/03/20

2012/03/16

Genero-rolak, -etiketak VS. berdintasuna


           Bideoak hausnartzera bultzatu nau eta buruari buelta batzuk eman ondoren idazteari ekin diot…

          Laburmetraia ikusi ondoren, agerian geratzen da nahasmendu handia dagoela sexu, genero eta sexu orientazioaren artean. Mutil batek soinekoa janzte hutsarekin ikusi dugu zelako iskanbilak sortzen diren, haurra homosexuala dela eta mozorrotuta dagoela pentsatzeraino iritsiz. Baina… neska batek hori egingo balu, hori gertatuko al zen? Noski ezetz, ez genioke inolako garrantzirik emango.  Eta hori zergatik?

       Gaur egungo gizartean, zoritxarrez gizon eta emakumeon arteko berdintasuna ez dago inolaz ere bermatuta. Argi dago, genero rolak eta etiketak gizartean ikasten direla, sozializazio esparru desberdinetan (etxean, eskolan, kalean…). Egia da berdintasunerantz pausu handiak eman direla azken urteotan eta emakumeon presentzia areagotzen ari dela gizarteko hainbat esparrutan, nahiz eta profesio batzuk, jai batzuk (nire herriko kasuan tamalez), moda, kirolak… sexuatuak dauden.

         Beraz, esan dezakegu sexismoa oraindik presente dagoela. Hezkuntzan murgilduz, eta aurreko lauhilekoan soziologian aztertu genuena praktikan jarriz esan dezakegu hezkuntzan ere sexismoa  presente dagoela,  bai ageriko eta bai ezkutuko curriculumean.

          Ageriko curriculumean esate baterako emakumeak apenas agertzen dira testu liburuetan, hala nola, historian, ekonomian… Eta argi geratu dadila ez dela emakumeek historian parte hartu eta eraginik izan ez dutelako.

              Ezkutuko curriculumean adibide garbia irakasleen espektatibak dira: mutilak lehiakorrak, errebeldeak eta gutxi zaindutakoak (fisikoki) izatea espero da eta emakumeak berriz, ordenatuak eta bakezaleak eta zainduak.

      Hezkuntzak honen aurka lehenik eta behin gizartean ematen diren desberdintasunak erreproduzitzeari utzi beharko lioke eta jarraian galdera bat planteatu beharko luke: zein gizarte mota nahi dugu? Eta horretarako nola heziko ditugu haurrak? Zein eduki landuko ditugu?

             Bukatzeko esan ez nauela harritzen laburmetraian azaltzen diren umeen jarrerak. Izan ere, zer jarrera izango dute umeek, guraso eta irakasleek genero rol eta etiketak ezartzen badituzte? Has gaitezen helduok berdintasunaren kontzientzia barneratzen eta ondoren etorriko da umeena…

2012/03/04

Hezkuntza: aldaketaren ardatza

         Berdintasunezko hezkuntza, jarraia, norberaren neurrira, kalitatezkoa eta lan merkatura zuzendurikoa; hau da zure oraina etorkizun arrakastatsua bihurtzeko gakoa. 

         Berria irakurtzen ari nintzela, Eusko Jaurlaritzaren iragarki batean (eskola 2.0-rena) aurrekoa aurkitu dut. Interesgarria iruditu zait baina...zalantza bat sortu zait: hezkuntzak soilik lan merkatura zuzendurikoa izan behar du, edo gizarteko beste arlo desberdinetara zuzendurikoa ere? 



2012/02/24

Neutrala edo objektiboa?


          
     Nahiz eta askotan bi kontzeptu hauek (neutrala eta objektiboa) nahasten ditugun, ez dute esanahi bera. Jarraian desberdintasunak azaltzen saiatuko naiz:

   Jarrera neutrala izateak, kontrako bi jarrera edo iritzi izan daitezkeen kasuetan, zerbaiten alde edo kontra egin gabe erdian mantentzea esan nahi du.  


      Jarrera objektiboa izateak aldiz, zerbaiti buruz dauden ikuspegi guztiak adieraztea esan nahi du, hau da, gauzak diren bezala adieraztea, iritzirik eta aurreiritzirik gabe.  

    Gure arloan oinarrituz, esan dezakegu bai hezkuntzan eta bai irakaskuntzan ezinezkoa dela neutrala izatea. Izan ere, pertsonak garen momentutik baditugu bakoitzak ideia, jarrera eta pentsaera desberdin batzuk eta nahiz eta batzuetan inkontzienteki egin, bakoitzaren jarreran ideia horiek islatuta geratzen dira. Are gehiago, irakaskuntzan jarrera neutrala izateak ez dut uste eragin onik izango duen ikasleengan, izan ere, ikasleak kritikoak izatera bultzatu behar ditugula uste dut.