Bideoak hausnartzera bultzatu nau eta buruari buelta batzuk eman ondoren idazteari ekin diot…
Laburmetraia ikusi ondoren,
agerian geratzen da nahasmendu handia dagoela sexu, genero eta sexu
orientazioaren artean. Mutil batek soinekoa janzte hutsarekin ikusi dugu zelako
iskanbilak sortzen diren, haurra homosexuala dela eta mozorrotuta dagoela pentsatzeraino
iritsiz. Baina… neska batek hori egingo balu, hori gertatuko al zen? Noski
ezetz, ez genioke inolako garrantzirik emango. Eta hori zergatik?
Gaur egungo gizartean,
zoritxarrez gizon eta emakumeon arteko berdintasuna ez dago inolaz ere
bermatuta. Argi dago, genero rolak eta etiketak gizartean ikasten direla, sozializazio
esparru desberdinetan (etxean, eskolan, kalean…). Egia da berdintasunerantz
pausu handiak eman direla azken urteotan eta emakumeon presentzia areagotzen ari dela
gizarteko hainbat esparrutan, nahiz eta profesio batzuk, jai batzuk (nire
herriko kasuan tamalez), moda, kirolak… sexuatuak dauden.
Beraz, esan dezakegu sexismoa
oraindik presente dagoela. Hezkuntzan murgilduz, eta aurreko lauhilekoan
soziologian aztertu genuena praktikan jarriz esan dezakegu hezkuntzan ere sexismoa
presente dagoela, bai ageriko eta bai ezkutuko curriculumean.
Ageriko curriculumean esate
baterako emakumeak apenas agertzen dira testu liburuetan, hala nola, historian,
ekonomian… Eta argi geratu dadila ez dela emakumeek historian parte hartu eta
eraginik izan ez dutelako.
Ezkutuko curriculumean adibide
garbia irakasleen espektatibak dira: mutilak lehiakorrak, errebeldeak eta gutxi
zaindutakoak (fisikoki) izatea espero da eta emakumeak berriz, ordenatuak eta bakezaleak
eta zainduak.
Hezkuntzak honen aurka lehenik
eta behin gizartean ematen diren desberdintasunak erreproduzitzeari utzi
beharko lioke eta jarraian galdera bat planteatu beharko luke: zein gizarte
mota nahi dugu? Eta horretarako nola heziko ditugu haurrak? Zein eduki landuko
ditugu?
Bukatzeko esan ez nauela
harritzen laburmetraian azaltzen diren umeen jarrerak. Izan ere, zer jarrera
izango dute umeek, guraso eta irakasleek genero rol eta etiketak ezartzen badituzte? Has gaitezen helduok berdintasunaren kontzientzia barneratzen eta
ondoren etorriko da umeena…
No hay comentarios:
Publicar un comentario