Páginas

2012/02/04

Amestea librea da, askatasun osoz egitekoa.

                Besteen hausnarketa zirraragarriek, pentsaraztea eragiten didate, edo beste modu batean esanda, besteen hausnarketa batzuek, hausnarketa pertsonalera eramaten naute.  Hala ere, nahiz eta nire buruan hausnarketa sakonak egiten ditudan, orain arte ez naiz idaztera ausartu, edo ez behintzat beste edonork irakurriko duen lekuan.  Baina gaur, besteetan ez bezala, buruan ditudan pentsamendu batzuk idazten atrebituko naiz.

                Guztiok ditugu  ideia, pentsamendu edo amets desberdin batzuk buruan eta guztiok ondo dakigu (edo hori sinestarazi digute) bakoitzaren ideia horiek gizarte mugatu honetan aurrera eramatea oso zaila edo ezinezkoa dela. Hori horrela, ametsetan behintzat ez naiz hezkuntza eraldatzera edo hezkuntzaren inguruan deliratzera mugatuko.

                Baliteke pentsatzea, amestearekin ez dugula mundua eraldatuko, baina amestu gabe ere ezer gutxi lortuko dugula ziur nago. Mundua eraldatzen hasteko(gure kasuan hezkuntza), ideia, amets eta helburu batzuk izatea ezinbestekoa da, eta horiei buruz hausnartu ondoren, horiengatik borrokatzea.  

                Hasteko… galdera bat: hezkuntza ez al da oinarrizko giza eskubidea? Has gaitezen orduan munduko pertsona guztiek hezkuntza eskubidea izan dezaten borrokatzen, gizartean (eta hezkuntzan noski) ematen diren diskriminazioen aurka egiten, kulturarteko eta berdintasunezko gizartea (eta hezkuntza) sortuz.
Bestalde, hezkuntzak, pertsona pasiboak izatera bultzatu ordez, ez al luke pertsona libreak eta kritikoak izatera bultzatu beharko? Gizakiak, zerbaiti buruzko alde eta kontrako argudioak emateko gai izan behar du, arrazoitzeko eta defendatzeko ahalmena eskuratuz.

                Horrez gain, gizartea, etengabe aldatzen ari da (kultura desberdineko pertsonen  arteko bizikidetza, familia egituraketa anitzak…) eta hezkuntza aldaketa horietara egokitu behar da, azken finean, gizakiak, gizartean bizi beharko du eta horretarako baliabide desberdin batzuk garatzen joan beharko da.

                Beraz, nahiz eta gizarteak hezkuntza eraldatzea eta askatasunez jokatzea eragozten duen, ez dut aukera galduko eta hezkuntza eraldatzen hasiko naiz, askatasunezko ametsetan murgilduz...

No hay comentarios:

Publicar un comentario